XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zen lekurik

Ez zen lekurik Beteleme herrika tcharpilean.

Nihun ez zitaken aurkit den mendren lekurik, ez ostatuetan, bichtan den bezala, bainan ez-eta ere erhausdun plaza gainean, edo bide-bazterreko putzu-inguruan; are gutiago sahetseko arbolen azpian, kukurusta baitaukate beltz-beltza zabal zeru urdinean.

Ez zen lekurik.

Zoazi zu!

Norat nahi barreatu umeak, izenaren emaiteko, bortchaz bada bortchaz, itzuli behar zuen arbasoen sort-herrirat.

Lege hori ezarria zuten, Erromano, sudur kunkula, muthur handiek.

Kaskoan dutena, ez ukanki aztalean!

Heieri eskatzea, ala zur-trunkoari othoitz egitea, biak berdintsu.

Othoi barka!... Debruak joan ditzala adarren puntan, Erromako nagusi, eta heien mutil gibel-milikatzale guziak!

Bi eztul eta bazterrerat thu-zirrizta!

Bazter guzietarik heldu ziren Betelemerat herriko semen semeak,

Hala nola arthaldea bordarat, mendi-bidechka gainditzen duela, negu hotza chichtaka hastearekin.

Heldu ziren, batzu oinez: erromes jalgi, erromes itzuli, urrunetik urhez den eltzea, hurbiletik maiz baititake lurrez.

Heldu aberatsak, kamelu zango luze bizkar konkorrean, zifli-zafla, baitabila gochoki, jaunki, chilintcha kantuz lepotik pilinpin!

Nolaz izan zitakeen lekurik, saka ahala saka hanpatu Beteleme mikoan?

Ez zen nihun lekurik.

Bi gizon-emazte gazteño sartu ziren parean.

Bazoatzin ostatutik ostaturat, baleki bale, gizona bizarra chorrotch, begia kechu...

Emaztekia, haur beharretan zela aipatzearen beharrik ez; ezti-eztia, nahiz hedatuz bazoan gauaren ibai ilhuna...

Emeki, umilki, joiten du gizonak ostatuko athea: